top of page

Minbizia eta klase sozioekonomikoa

  • Foto del escritor: Amaia
    Amaia
  • hace 2 días
  • 8 Min. de lectura

Minbizia biologikoki ausazkoa da gehienetan. Ausazko gaixotasun hau saihesteko aholku-medikoak ematen dizkigute: ez erre, ez edan alkoholik, ez jan erreta dagoen janaririk, dieta orekatua eduki… Egiaztatuta dago ekintza guzti hauek minbizia izateko probabilitatea murrizten dutela, eta horregatik hainbat prebentzio-programa existitzen dira tabakoaren eta alkoholaren kontsumoaren kontra, adibidez. Gaixotasun hau munduko kezkagarrienetakoa da, eta ikerketa askok minbizia eragiten duten faktoreetan jartzen dute arreta. Faktore hauetako bat, oso garrantzitsua, klase sozioekonomikoa da.


Maila globalean osasun-arloko desberdintasun sozioekonomikoak argiak dira. Diferentzia hori gero eta handiagoa da. Bizi-itxaropenean, adibidez, 18 urteko aldea dago errenta altuko eta baxuko herrialdeen artean [1]. Historikoki osasun publikoaren datuek diote aldaketak funtsezkoagoak eta eraginkorragoak direla populazio mailan, norbanako mailan baino, baita gaixotasunak arrisku faktore bakar batetik datozenean. Horrela, hainbat gaixotasunek (adibidez, hainbat minbizi-mota) gizabanakoaren mailan kausa eragile komuna (adibidez, tabakoa erretzea) izan dezaketen bezala, esposizio edo faktore askok (adibidez, tabakismoak eta dietak) kausa sozioekonomiko komunak izan ditzakete populazio-mailan [2]. Hau da, tabakismoa bigarren mailako faktorea bihurtzen da, tabakoa kontsumitzen duten pertsonak klase sozioekonomiko konkretu baten parte direnean. Horrela, gizartearen egitura sozial eta ekonomikoaren sintoma bihurtzen da minbizia. 


Artikulu hau ez da oso matematikoa. Matematika oinarrizkoenetatik ateratako datuak biltzean oinarritzen da, langile klaseari eragiten dion arazo bat nabarmentzeko, irtenbide nahikorik ez duen arazoa, nahiz eta asko ikertu eta asko aztertu den.


Herrialdeen arteko desberdintasun sozioekonomikoak definitzen direnean faktore asko izan behar dira kontutan. Urteetan zehar kriterioen aldaketa asko egon dira, dirua bakarrik neurtu ordez, heziketa edo bizi-maila duina garrantzitsuak ere direla kontsideratzen hasi zen.  IARCak (International Agency for Research on Cancer) egindako azken kalkuluak HDI (Human Development Index) indizearen araberakoak izan dira. HDIa herrialde baten garapena ebaluatzeko irizpideak pertsonak eta haien gaitasunak izan behar direla azpimarratzeko sortu zen, ez bakarrik hazkunde ekonomikoa. Herrialde batzuen HDIaren zenbait adibide agertzen dira 1. irudian. IARCaren arabera, HDI altuagoko herrialdeek minbizia intzidentzia handiagoa dute HDI baxua dutenek baino. Kasu hauetan zahartzea arrazoi bakarra dela pentsatzeko joera dugu, zenbat eta populazio zaharragoa minbizia izateko probabilitate handiagoa. 


1. irudia: AEBen, Espainiaren eta Txinaren HDIa beste herrialdekoekin alderatuta (beste herrialdeenak aztertzeko sartu hemen)
1. irudia: AEBen, Espainiaren eta Txinaren HDIa beste herrialdekoekin alderatuta (beste herrialdeenak aztertzeko sartu hemen)

Baina intzidentzia adin-tarteka aztertzen badugu (2. irudia), proportzioan, minbizia duen adineko biztanleria AEBetan Espainian baino handiagoa dela ikusten dugu, eta Espainian Txinan baino handiagoa, 1. irudian ikusten den HDIaren ordena jarraituz. Honek esan nahi du gainerako faktoreei garrantzia berdina edo gehiago eman behar diegula. Beste kausen artean kutsatzaileekiko eta substantzia industrialekiko esposizio handiagoa (kartzinogenoak) eta bizimoduaren faktoreak (tabakismo, alkohol kontsumoa eta jarduera fisiko eza) daude. Hala ere, HDI altuko eta baxuko herrialdeen arteko heriotza arriskuaren diferentzia minimoa da, hau da, HDI altuko herrialdeek minbizi kasu gehiago dituzte baina hau sendatzeko baliabide gehiago ere. Datu horiek arazo handia seinalatzen dute HDI altuagoko herrialdeen bizimoduan, hauen gehiegizko ekoizpenean, horrek eragiten duen kutsaduran, etab.


2. irudia: Minbizia intzidentzia adin-tarteka (gehiago aztertzeko sartu hemen)
2. irudia: Minbizia intzidentzia adin-tarteka (gehiago aztertzeko sartu hemen)

Herrialde bakoitzaren barnean klase sozioekonomikoen artean ere alde nabarmena dago. 1967. urtean Whitehall deituriko ikerketak sortu ziren. Ikerketa horiek klase sozioekonomiko baxuen eta morbilitate (gaixotasunak harrapatzeko erraztasuna) eta heriotza kasu altuen arteko ratioa ezartzen dituen proiektuak dira, konkretuki Britainia Handian. Datu horiek morbilitate eta hilkortasunaren gradiente soziala funtzionario britainiarren enplegu graduetan existitzen dela erakusten dute. Horietako bat ere ez da pobrea “garapen bidean” dauden herrialdeetako pertsonekin alderatuz. Beraz, gizarte-mailan jarduten duten faktoreak agertzen dira hemen [2]. Faktore horiek hainbat kausa dituzte, haien artean ingurumenean eragiten dutenak, diagnostikoaren azkartasuna, tratamenduak, baita tokia ere.


Ingurumen faktoreak


Minbiziaren ingurumen-kausen artean, kutsadura da nabarmenenetako bat. Erlazio argia dago zenbait minbizi-motaren (batez ere biriketakoa) eta kutsaduraren artean, eta datuek iradokitzen dute gizarte-klase baxuetako gizabanakoek ingurumen-kutsatzaile kantitate handiagoak jasaten dituztela gizarte-klase altuetakoek baino. Izan ere, poluzio edo prozesu toxikoen iturriak (adibidez, fabrikak) eremu behartsuetan jartzen dira, eta klase sozioekonomiko baxuenetako pertsonek eremu horietara selektiboki migratzen dute. Aurrerago sekzio oso bat dago eremu industrializatuei eta zentral nuklearrei buruz, azken hau minbizi kasuetan kezka handia bihurtu baita.


Baina kutsadura ez da klase sozioekonomiko baxuetan minbizia eragiten duen faktore bakarra.  1997. urtean IARCak minbizia eta klase sozioekonomikoaren arteko erlazioa zabalki azaltzen zuen lehen argitalpena egin zuen. 400 orrialdeko liburu bat da [2]. Minbizia izateko arrisku-faktore gisa desberdintasun soziala agerian uzten duten artikuluen bilduma da, eta hainbat arrazoirekin erlazionatzen dute: alkohol-kontsumoa, tabakoa eta dietaz gain, sexu-transmiziozko gaixotasunak, birusak, etab. Faktore hauek guztiak askoz ohikoagoak dira klase sozioekonomiko baxuko pertsonen artean, eta minbizi askoren kausa dira. Giza papilomaren birusak zerbix minbiziarekin erlazio handia du, hepatitis B eta C birusek gibel minbiziarekin, giza inmunoeskasiaren birusak minbizia arraroekin, helicobacter pylori bakteriak urdaila-minbiziarekin, etab. 400 orrialde idatzi ditzaket ere minbizi-mota bakoitza klase sozioekonomiko baxuarekin erlazionatuz.


Bestalde, badaude ikerketak klase baxuagoa bularreko minbiziaren intzidentzia baxuagoarekin lotura agerian uzten dutenak, itxura guztien kontra. Baina honen atzetik klase baxuari eragiten dion beste arazo larri bat dago. Klase sozioekonomikoen eta bularreko minbiziaren intzidentziaren arteko lotura positiboa ugalketa-patroien eta baheketen parte-hartze baxuaren konbinazioaren ondorioa da. Estatus sozioekonomiko altua duten emakumeek, batez ere ikasketa-maila altua dutenek, seme-alabak beranduago edo batere ez izateko joera dute, eta denbora gutxiagoz ematen dute bularra; horiek bularreko minbizia izateko arrisku-faktoreak dira. Datu hauek azaleratzen dute klase baxuak metodo antikontzeptiboetara eta osasun-sistemara duen sarbide murriztua. Arrazoi berdinagaitik, klase altuko emakumeek baheketa programetan parte-hartze handiagoa dute, eta horrek kasu gehiagoren diagnostikoa azaldu dezake, klase horretan estatistikak datuz hornituago baitaude [3].


Diagnostikoa, tratamendua eta biziraupena


Diagnostikoari eta tratamenduari dagokionez ere diferentziak aurkitu dira klase sozioekonomikoen artean. Gaixoen biziraupenarekin lotutako faktore nagusia minbizia diagnostikoaren etapa da [2]. Ikerketa askok nabarmendu dute osasun-arretak minbiziaren biziraupena aldatzeko duen gaitasuna. Osasun Sistema Nazional publikoa duten herrialdeetan ere, gero eta ebidentzia gehiago dago biziraupena klase sozioekonomikoaren arabera eskaintzen dituzten tratamenduen bidez azal litekeela diotenak. Ingalaterran, adibidez, bularreko minbizia zuten eta eremu behartsuetan bizi ziren emakumeek probabilitate txikiagoa zuten kirurgia normala eta bularra kontserbatzeko kirurgia jasotzeko, eta 5 urte gutxiagoko biziraupena zuten eremu aberatsagoetan bizi ziren emakumeekin konparatuz. Italian egindako antzeko ikerketa batek ez zuen eragin esanguratsurik aurkitu hezkuntza-maila desberdinetako pazienteei egindako kirurgia-motan, baina nabarmendu zuen lotura handia zegoela klinikoak ez diren beste faktore batzuekin, hala nola, bularreko kirurgia egiten zuten ospitale-bolumenarekin, emakumearen bizilekutik hurbilen dagoen erradioterapia-instalaziorainoko distantziarekin eta egoera zibilarekin. Turinen, hezkuntza-maila ere biriketako minbizia zuten pazienteek jasotako tratamenduaren faktore garrantzitsua izan zen: hezkuntza-maila baxuagoko pazienteek beste zainketa ez-sendagarri batzuk bakarrik jasotzeko probabilitate handiagoa zuten. Londresen ere eremu pobreagoak tratamendu eskasagoekin eta biziraupen txikiagoarekin lotu ziren [3].


3. irudia: Diagnostiko teknikak
3. irudia: Diagnostiko teknikak

Herrialde ezberdinetan egindako 644.756 pertsonak parte hartu zuten beste analisi batzuek erakutsi zuten diru-sarrera baxuko minbizia zuten pazienteek immunoterapia jasotzeko aukera gutxiago zituztela. Ebidentziak iradokitzen du klase sozioekonomiko baxuek kimioterapia, erradioterapia, kirurgia, kimioterapia lagungarria (kirurgia osteko kimioterapia), terapia bideratua eta immunoterapia jasotzeko aukera gutxiago dituztela. Gainera, 10 ikerketen azterketa batek erakutsi zuen klase sozioekonomiko baxua biomarkatzaileen probetarako sarbide txikiagoarekin lotuta zegoela [1]. 


Hala ere, minbizia baheketa programa gehienak zerbix eta emakumezkoen bularreko minbizia detektatzeko programak dira. Frogatuta dago bularreko minbiziaren baheketan parte hartzea errentaren eta hezkuntzaren, osasun-aseguruaren eta osasun-zerbitzu motaren araberakoa dela. Klase sozial baxuetako emakumeek baheketan parte hartzeko tasa txikiagoak izaten dituzte. Baina parte-hartzea sustatzen denean, oztopo kultural eta ekonomikoak kentzen direnean eta laguntza soziala eskaintzen denean desberdintasun sozioekonomikoak murriztu egiten dira [2].


Zentral nuklearrak eta eremu industrializatuak


Zentral nuklearrek minbizian duten eragina populazioaren beste kezka handia da. Ikerketa asko egin dira minbiziari eta zentral nuklearrekiko gertutasunari buruz; batzuek harremana dagoela ondorioztatu dute, eta beste batzuek, berriz, ez. Hondamendi nuklearretatik datoz ebidentziarik indartsuenak, konkretuki Japoniako bonba atomikotik eta Txernobyletik.

Frantzian, besikula minbizi-intzidentzia handia aurkitu zen zentral nuklearretatik gertu dauden populazioetan. Espainian, minbizi-kasuen hazkunde lineala aurkitu zen Trillo eta Zoritako zentral nuklearretatik gertu dauden populazioekin. Alemanian leuzemia hazkunde esanguratsua aurkitu zen zentral nuklear baten inguruan 5 km-ko erradioan zeuden haurretan. AEBetan, Erresuma Batuan eta Kanadan, aldiz, ez da emaitza adierazgarririk atera honi buruz. Txinan ere ez [4].


Korean egindako ikerketa baten arabera, erradiazioarekin lotutako minbizien, tiroideko minbiziaren eta bularreko minbiziaren intzidentzia handiagoa zen zentral nuklearretatik gertuko eremuetan. Horrek sortutako kezkaren ondorioz ikerketa sakonagoa egin dute, osasun-xedeetarako, zentral nuklear batekiko distantzia ez ezik, estatus sozioekonomikoa eta industrialdeak ere kontutan hartuta [5]. Ingurumen-esposizioek instalazio nuklearretatik gertu dauden minbiziaren intzidentzia-ereduetan garrantzia handia dutela aurkitu dute, bereziki industria- edo nekazaritza-jarduera intentsiboa ezaugarritzat duten eskualdeetan. Zentral nuklearretako hainbat eskualde petrokimikaren, ontzigintzaren eta automobilen fabriken ondoan daude. Aurretik egindako azterketek substantzia kaltegarrien maila altuak dokumentatu dituzte —besteak beste, beruna, bentzenoa, artsenikoa eta konposatu organiko lurrunkorrak— airean, hautsean eta biomarkatzaileetan, gertuko biztanleen artean. Ikerketek esposizio horien eta minbizi jakin batzuen intzidentzia edo hilkortasunaren handitzearen arteko erlazioa adierazi dute, besteak beste, garuneko eta nerbio-sistema zentraleko tumoreak eta besikula minbizia. Artikulu horretako analisian, hain zuzen, minbizi-mota horiek intzidentzia-ratio handiagoak erakutsi dituzte zentral nuklear industrializatuko zenbait eremutan. Zentral nuklearretatik gertu nekazaritza-enplegu handiko landa-eremuek ere intzidentzia-ratio altuak erakutsi zituzten burmuineko eta nerbio-sistema zentraleko tumoreetarako, nahiz eta kasu kopurua txikia izan. Are gehiago, eremu horietako biztanleen % 30 inguru nekazaritzan aritzen dira, eta Korean aldez aurretik egindako ikerketek nekazaritza intentsiboaren eta garuneko tumoreen arteko loturak iradoki dituzte.


4. irudia: nekazaritza-lanetarako babes-ekipamendu indibiduala
4. irudia: nekazaritza-lanetarako babes-ekipamendu indibiduala

Hau da, zentral nuklearren arriskua ez da adierazgarria, industria fabrikak kontutan hartzen baditugu. Zentral nuklearrak, orokorrean, landa-eremuetan daude, industria-fabriketatik gertu, gas eta partikula kutsatzaileak igortzen dituztenak. Nuklearretatik gertu detektatu diren minbizi kasuak fabrika horien poluzioaren ondoriozko kasuak dira gehien bat, eta ez zentral nuklearren edo irradiazioaren ondoriozkoak. Dena den, landa-eremuetan eta industria-fabriketan pilatzen diren kutsatzaileak han lan egiten duten pertsonek jasotzen dute, hots, langileriak.


Klima aldaketa eta errekurtso falta


Ikerketa askoren arabera, klima-aldaketak eragin handia du minbizian, kutsadura ez ezik, errekurtso faltagatik. Badaude ikerketak minbizi-tratamenduak garatzeko oso erabilia eta funtsezkoa den landare baten habitataren suntsiketa aurkitu dutenak, adibidez [6]. Errekurtso falta horiek, eremu industrializatuen eta HDI altuko herrialdeen minbizia indize altuak eta langile klasearen esplotazioaren ondoriozko ingurumen-faktoreak, adierazten dute, agian, gaur egungo ekonomia hazkunde basatiak exijitzen duen produkzio sistemak minbizia eragiten digula, beti bezala, esplotatzen gaituen berdinei.



Osasun publikoak bularreko, zerbix eta koloneko minbizien baheketak baino ez ditu egiten Espainian. Jakin badakigu zerbitzu horiek pribatizatu nahi izateagatik haien funtzionamendua ia katastrofikoa izan dela, adibidez, Andaluziako autonomia-erkidegoan, lehen-sektoreko langile-klaseko biztanle gehien dituen eta langileria gehiengo bigarren autonomia-erkidegoa izanik. Ebidentziak jarraituz, kontrolak areagotzen badira eremu industrializatuetatik gertu bizi edo lan egiten duten pertsonentzat, fabriketako eta nekazaritza eremuetako langileentzat, errekurtso eta osasun sistemara zein honek eskaintzen duen kontroletara sarbide baxuagoa duten pertsonentzat, edo elikadura ona izan ezin dutenentzat, edo, orokorrean, langileriarentzat, ze portzentaian murriztu ditzakegu minbizi kasu mortalak? Agian ausazko fenomeno hau aurreikusi dezakegun fenomenoa bihurtu ahalko genuke, neurri batean gutxienez?


Badaude langile-sektoreak osasun-arloko aldarrikapenekin, minbizia zein edozein beste gaixotasunen kontrola eskatzen ari direnak. Suhiltzaileak zalantzarik gabe, biriketako minbizia eragiten duten faktoreak gehien jasaten dituen sektorea da. Suhiltzaileen gaixotasun gehienak bihotzarekin lotuta dauden arren, minbiziak ere eragin handia du, eta horren azterketak urriak edo nuloak dira.


“Ez da bakarrik keagatik, baizik eta akroleina izeneko partikulagatik. Esku-hartze baten ondoren, trajean geratzen zaizkizun partikulak dira, eta, garbitzen ez baditugu, sakabanatu egiten dira. Hiru alderdi daude kartzinogenoen kontuan: britainiarra, minbizia sortzen ez dutela diotenak; estatubatuarra, prebentzioa beharrean edozein mediku-faktura edo minbizi tratamendu ordaintzen dizutenak; eta europarra, prebentzioa sustatzen duena. Momentuz ez digute kontrolik egiten. Kutsatutako arropa garbitzeko eta ordezko jantziz hornitzeko sistema bat ezartzen ari dira orain, eta amiantoaren intoxikaziorako kontrolak egiten hasi dira.” 

Asier Vielba Trillo, suhiltzailea (eta neba)




[1] Li, S., He, Y., Liu, J. et al. An umbrella review of socioeconomic status and cancer. Nat Commun 15, 9993 (2024). https://doi.org/10.1038/s41467-024-54444-2


[2] Social Inequalities and Cancer, IARC Scientific Publication No. 138, edited by Kogevinas M, Pearce N, Susser M, Boffetta P, 1997


[3] Merletti, F., Galassi, C., & Spadea, T. (2011). The socioeconomic determinants of cancer.Environmental health : a global access science source,10 Suppl 1(Suppl 1), S7. https://doi.org/10.1186/1476-069X-10-S1-S7


[4] Alwadi, Y., Alahmad, B., Vieira, C.L.Z. et al. National analysis of cancer mortality and proximity to nuclear power plants in the United States. Nat Commun 17, 1560 (2026). https://doi.org/10.1038/s41467-026-69285-4


[5] Lee, G.B., Kim, K., Cha, ES. et al. Cancer incidence near nuclear facilities in Korea (2005–2022): implications of regional socioeconomic status and industrial context. BMC Public Health (2026). https://doi.org/10.1186/s12889-026-26715-8


[6] Jin, Quanlong & Gao, Yu & Hu, Yuandong. (2026). Simulated Assessment of the Impact of Climate Change on the Potential Distribution Range of Four Taxus Species in China. Plants. 15. 721. 10.3390/plants15050721.


Comentarios

Obtuvo 0 de 5 estrellas.
Aún no hay calificaciones

Agrega una calificación
bottom of page