top of page

Abuztuko eguzki-eklipsea

  • Foto del escritor: Juani
    Juani
  • hace 18 horas
  • 4 Min. de lectura

Datorren abuztuan Euskal Herriko hainbat txokotatik eguzki-eklipsea izango dugu ikusgai. Gizakiok, aspalditik, lotura estua izan dugu fenomeno astronomiko horrekin; izan ere, inolako abisurik gabe gauak eguna segundo luzez irenstea, edo Ilargia odol koloreko bilakatzea, elezaharrak sortzeko aukera paregabea da. Besteak beste, antzinako greziarren, hinduen edota Ameriketako jatorrizko herrien kulturetan bere tokia dute eklipseek.¹


Aro Modernoan, Kopernikoren teoria heliozentrikoak² eklipseen ulerkera geometriko argi bat mahaigaineratu zuen, eta, beranduago, Newtonen grabitazioaren legea berauek aurresateko erreminta bilakatu zen. 1919an, Hego hemisferioan jazotako eguzki-eklipse batek Einsteinek hiru urte lehenago plazaratutako erlatibitatearen teoria orokorra frogatzeko balio izan zuen. Eklipsearen iluntasunak lagundurik, hainbat espediziok egiaztatu zuten Eguzkiak aldatu egiten duela bere atzealdeko izarrek gure zeruan duten kokapena, haien argia kurbatuz.



Eklipseak: geometria-joko bat


Baina, nola gertatzen dira zehazki eklipseak? Ikuspegi geometriko sinplifikatu batek pentsarazi diezaguke hilabetero bi eklipse biziko ditugula: eguzki-eklipse bat (Ilargia Eguzkiaren eta Lurraren artean dagoenean, hau da, ilberrian) eta ilargi-eklipse bat (Ilargia Lurraren kanpoaldean kokatzen denean: ilbetean). Izan ere, Ilargia, Lurra eta Eguzkia lerro berean egotea da behar dugun bakarra eklipse bat bizitzeko. Hori da 1. irudiko goiko eredutik suposatuko genukeena.



1. Irudia: Goian, Eguzki-Lurra-Ilargia sistemaren eskematizazio sinple bat. Behean, errealitatetik gertuago dagoen modelo bat, zeinetan Ilargiak Lurraren inguruan duen orbitaren datu batzuk ematen diren. Orbita hori Lurrak Eguzkiaren inguruan duenarekiko 5º inguru inklinatuta dago.
1. Irudia: Goian, Eguzki-Lurra-Ilargia sistemaren eskematizazio sinple bat. Behean, errealitatetik gertuago dagoen modelo bat, zeinetan Ilargiak Lurraren inguruan duen orbitaren datu batzuk ematen diren. Orbita hori Lurrak Eguzkiaren inguruan duenarekiko 5º inguru inklinatuta dago.

Errealitatea, alabaina, konplexuagoa da. Lehenik, Ilargiak Lurraren inguruan duen orbita, jatorriz hilabetea definitzen duena, 5º inguru inklinatuta dago ekliptikarekiko (Lurrak Eguzkiaren inguruan duen orbitaren planoarekiko), 1. irudiko behealdean ikus daitekenez. Horrek bi nodo sortzen ditu, bi posizio zeinetan Ilargia, Lurra eta Eguzkia plano berean dauden. Baina, horrez gain, bigarren osagai bat behar dugu hiru gorputzak lerrokatzeko: orbitaren nodoek ilberritik edo ilbetetik gertu egon behar dute.


Gainera, Ilargiaren orbita eliptikoa da, eta beraz, Lurrarekiko distantzia maximoa (apogeoa, 407 km) eta minimoa (perigeoa, 356 km) ezberdinak dira. Ilargiarengan, Lurraz gain, Eguzkiak eta gainerako planetek (batik bat Jupiterrek) ere eragin grabitatorioa dutenez, orbitaren elipsea denboran zehar forma eta inklinazioa aldatuz doa.


Gaurkoz, sistema konplexu horretaz jakin beharrekoa zera da: gaur egungo baliabideekin erraza zaigu etorkizuneko eklipseak aurreikustea, baina oso zaila da patroiak identifikatzea. Sarosen eta Inexen zikloek, adibidez, eklipse bat gertatu eta, gutxi gorabehera, 18 eta 29 urtera beste bat aurresaten dute, baina noizbehinka bakarrik betetzen dira. Jakin-mina edukiz gero, artikulu honetan maiek eklipseak iragartzeko erabili zuten jakintza jorratzen da. 


Baina, konplexutasun horrek guztiak zer eklipse-mota sor ditzake?



Eklipse-motak


Eklipsean zehar, erdian kokatzen den gorputzak (Lurrak ala Ilargiak) itzal bat sortzen du bere atzealdean, unbra eta penunbra izeneko eremuetan banatzen dena (ikusi 2. irudia). Unbran, Eguzkiaren disko osoaren argia blokatzen da, eta penunbran, aldiz, eguzki-argiaren zati bat soilik. 


2. Irudia: Goian, Ilargiak Eguzkiaren argia estaliz Lurrean sortzen duen itzala, eguzki-eklipseetan. Behean, Lurrak Ilargian sortzen duen itzala, ilargi-eklipseetan. Itzalen unbra (eguzki-argi guztia blokeatuta dagoen zonaldea) eta penunbra (eguzki-argiaren zati bat estalita dagoen eremua) adierazten dira.
2. Irudia: Goian, Ilargiak Eguzkiaren argia estaliz Lurrean sortzen duen itzala, eguzki-eklipseetan. Behean, Lurrak Ilargian sortzen duen itzala, ilargi-eklipseetan. Itzalen unbra (eguzki-argi guztia blokeatuta dagoen zonaldea) eta penunbra (eguzki-argiaren zati bat estalita dagoen eremua) adierazten dira.

Eguzki-eklipseak partzialak, osoak ala eraztun-itxurakoak izan daitezke. Lehena (eklipse partziala) behatzailea Ilargiaren penunbran dagoenean gertatzen da, eta gainerako biak unbran dagoenean. Momentuko Lur-Ilargi distantziaren arabera, sateliteak Eguzkiaren disko osoa estal dezake (eklipse osoa), edo, guregandik urrunago badago, Eguzkiaren ertzetako argia pasatzen utziz eraztun bat eratu dezake (eraztun-itxurakoa). Ikusi 3. irudia.


3. Irudia: Eguzki-eklipse oso (ezkerra), partzial (erdia) eta eraztun-itxurako (eskuina) baten argazkiak.
3. Irudia: Eguzki-eklipse oso (ezkerra), partzial (erdia) eta eraztun-itxurako (eskuina) baten argazkiak.

Ilargi-eklipseak, bestalde, osoak dira Ilargia Lurraren unbratik osorik pasatzen bada, partzialak unbratik Ilargi zati bat besterik igarotzen ez bada, eta penunbralak, izenari jarraiki, sateliteak penunbra soilik gurutzatzen badu (ikusi 4. irudia). Eklipse osoan, Lurraren atmosferak eguzki-argi urdin guztia xurgatzen badu ere, argi gorria sakabanatu, eta, hein batean, ilargirantz bideratzen du. Horren ondorioz, “odolezko ilargia” (blood moon) izeneko efektua ager daiteke zeruan.


4. Irudia: Ilargi-eklipse oso (ezkerra), partzial (erdia) eta penunbral (eskuina) baten argazkiak.
4. Irudia: Ilargi-eklipse oso (ezkerra), partzial (erdia) eta penunbral (eskuina) baten argazkiak.

2026ko abuztuko eguzki-eklipsea:


Urtebetean, gutxienez, bi eguzki-eklipse eta bi ilargi-eklipse gertatzen dira gure planetan, eta 7 gehienez. Ilargi-eklipse bakoitza lurrazalaren zati handi batean jazotzen denez, ez da zaila eklipse partzialak edo osoak ikusi ahal izatea noizean behin. Eguzki-eklipsearen unbra, aldiz, zonalde txiki batean kontzentratzen da, eta toki jakin batean eklipse oso bat bizitzeko probabilitatea askoz ere baxuagoa da. Euskal Herrian, adibidez, 1999ko abuztuan eguzki-diskoaren 80% estali zuen eklipse partzial bat egon bazen ere, azken eguzki-eklipse osoa 1860an edo 1905ean izan zen ikusgai (ikusi 5. irudiaren ezkerraldea).


Gauzak horrela, 2026ko abuztuaren 12an biziko den eklipsea Iberiar penintsulan duela mende bat pasatxotik behatu ahal izango den lehena da. Euskal Herriko hiriburuei dagokienez, 30 segundoko eta minutu bateko eklipse osoak izango dira Bilbon (20:27ean) eta Gasteizen (20:28ean), hurrenez hurren. Gainerako hiriburuetan, diskoa guztiz blokeatuko ez den arren, 90%era arteko eklipse-partziala behagarri egongo da zerumugatik gertu. Orokorrean, Iberiar penintsula Galiziatik Balear uharteetara gurutzatuko duen fenomenoa 19:30ak eta 21:00ak artean iragango da intentsitate ezberdinetan. Toki zehatz bateko xehetasunak jakiteko, kontsultatu IGNren webgunea.


Amaitzeko, datozen bi urteetan, 2027ko abuztuan eta 2028ko urtarrilean, beste bi eguzki-eklipse biziko ditu Europa hegoaldeak, oso bat eta eraztun-itxurako bat. Horren ondoren, Iberiar penintsulak ez du magntidude altuko eguzki-eklipserik ikusiko gutxienez hamarkada batean zehar; beraz, luzaroan itzuliko ez diren eguzki-eklipseak disfrutatu nahi izanez gero, ez ahaztu eklipse-betaurrekoak eta kontuz euskal klimarekin.


5. Irudia: Ezkerrean, 1860 eta 1912 bitartean Iberiar penintsulan gertatutako lau eguzki-eklipse osoen ibilbideak. Eskuinean, 2026 eta 2028 bitartean zonalde berean ikusi ahal izango diren hiru eguzki-eklipseen ibilbideak.
5. Irudia: Ezkerrean, 1860 eta 1912 bitartean Iberiar penintsulan gertatutako lau eguzki-eklipse osoen ibilbideak. Eskuinean, 2026 eta 2028 bitartean zonalde berean ikusi ahal izango diren hiru eguzki-eklipseen ibilbideak.


Oin-oharrak

¹: Ez dut ezer topatu euskal mitologian eklipseek duten esanahiaz, ezta eklipseei erreferentzia zuzenik ere. Inork gehiago baleki edo iturriren balu, gure emailera bidal dezake: asteroideiak@gmail.com


²: Nicolas Copernicok, 1543ko De Revolutionibus Orbium Coelestium argitalpenean, eguzki-sistemaren lehen modelo matematiko heliozentrikoa plazaratu zuen. Bertan, Eguzkia ia geldirik dago, eta planetak dira haren inguruan orbitatzen dutenak (eta sateliteek planeten inguruan). Ideia hori antzinatik existitu da hainbat gizartetan, baina euskarri matematikorik gabe.


 
 
 

Comentarios

Obtuvo 0 de 5 estrellas.
Aún no hay calificaciones

Agrega una calificación
bottom of page