Zientzia militarista
- Libe
- hace 1 hora
- 2 Min. de lectura
Duela ez asko, dirulaguntza publiko baten bidez, egonaldi bat egin nuen Estatu frantsesaren erakunde zientifiko-teknologiko garrantzitsuenetako batean. Herritarren diruaz herritarren onurarako ikerketa egitea nuen buruan, lantokira iritsi eta inguratzen zuten hesi garaiak eta sarrerako atearen inguruko alanbre arantzaduna ikusi nituen arte.
Zalantza guztiak uxatu zitzaizkidan lankide berriontzat derrigorrezkoa zen segurtasunari buruzko hitzaldi batean parte hartu nuenean: informatikari batek, diplomatu batek eta militar batek ―hiru gizon zuri frantsesek, alegia― hainbat lezio eta ohartarazpen eman zizkiguten Estatuaren jabetza intelektualari, zibersegurtasunari nahiz egoera geopolitikoari buruz. Entzuleotako bakoitzaren ardura azpimarratu zuten, baita aldez aurretik gure aurrekari polizialak ikertu zituztela aitortu ere: “Bestela ez zinatekete hemen egongo”. Argi utzi zuten nor zen etsaia eta zer babesteko erantzukizuna geneukan. Hori ez betetzearen ondorioak ere bai. Dena ikaragarri esplizitua.
Asteek aurrera egin ahala, apurka joan nintzen ikasten gunea patruilek eta ehunka kamerak etengabe zaindua zegoela, datu eta kredentzial informatiko oro zorrotz kontrolatuta zeukatela, jatorri jakin batzuetako pertsonen sarbidea sistematikoki ukatzen zutela… Erakundearen sekulako aurrekontuaren erdia ikerkuntza militarrera bideratuta dago: hainbat zentro ditu, batzuk militarrak eta besteak zibilak, baina zibilak (ni nengoena, kasu) ere ez ziren aplikazio militarretatik libratzen. Izan ere, haien arabera, edozein teknologia izan daiteke “hibridoa”, hots, aplikazio zibil zein militarrerakoa. Hori ere ikasi nuen.
Esate baterako, neutroi-iturri indartsu bat bisitatzeko aukera izan nuen. Fisio nuklearraren bidez askatutako neutroiak izpi batean bildu eta materialekin difrakzio-esperimentuak egiteko baliatzen da ―finean, erreaktore nuklear bat zen, ez hain antzina proba nuklearrak egiteko erabilia―. Aplikazioen artean daude eraikuntzarako materialak zelan pitzatzen diren aztertzea zein okela beganoaren testura zelan hobetu ikustea. Berdez pintatutako erabilera horietarako, jakina, uranio aberastua eta ibaiko ur gehiena behar dira, Helio 3az gain: neutroiak detektatzeko modu bakarretakoa Helio 3zko ituen kontra jaurti eta Helio 4 nukleoak (alfa partikulak) sortzea da. Helio 3rik ez dago naturan; proba nuklearretan sortutako hondakina da, zentro militarretatik ekarria. Hortxe teknologia horren aldebikotasuna.
Era horretan, aurpegi biko txanponez josia dago zientzia: bidaiarientzako hegazkinak ekoizten dituzten lantegiak hegazkin militarrak egiteko prest daude, gerretan erabilitako gasa sortu zutenak enpresa farmazeutiko itzelak dira egun, GPSa asmakizun militarra izan zen, zer esanik ez droneei buruz.
Horrekin guztiarekin ez diot zientziari zilegitasunik kendu nahi. Azken batean, zientzia tresna bat da, natura ulertu, aurreikusi eta geure nahietarako erabili ahal izateko. Kontua da baliabideak zer ikertzera bideratzen diren. Ikergaien aukeraketak zer interesi erantzuten dion. Ondasun naturalak nori lapurtzen zaizkion. Jakintza ―beraz, kontrola― nork duen. Eta erabilera gaiztoen ondorioak nork pairatzen dituen. Galdera interesgarriak dira, bereziki, garaiotan egiteko.
