top of page

Astropolitika

  • Foto del escritor: Juani
    Juani
  • 5 oct
  • 5 Min. de lectura

Zientzia arrazoimenaren puntu goren gisa aurkezten da sarri, naturaren behaketa sistematikoaz baliatuz inguratzen gaituen mundua ulertzeko tresna hutsezin gisa. Eta ezin uka daiteke azken mendeotako aurrerapen teknologikoaren funtsean kokatu dela, batik bat mendebaldeko herrialdeetako bizi-maila esponentzialki hobetzen lagundu duelarik. Hala ere, gaurkoan, idealizazioa alde batera utzi eta gure gizartean zientziak hartzen duen formari buruz apunte pertsonal eta xume batzuk ematea gustatuko litzaidake.


Zientzia-sistemaren egitura orokorra zuzenean analizatu beharrean, egunerokotasunean agerikoak diren problematika batzuk identifikatu eta haien testuingurua azaltzen saiatuko naiz. Horretarako, doktoregaien eta bestelako ikertzaileen buruhauste batzuk jorratzen hasiko gara. Jarraian, alor pribatuak ikerkuntza-munduan duen pisuaren xehetasun gutxi batzuk emango ditugu; aitzitik, inbertsio publikoak sektore pribatuan duen papera beste baterako utziko dugu, badu eta nahikoa muin artikulu propio baterako. Azkenik, ezagutzaren transmisio-lana betetzen duten aldizkariekin amaituko dugu, sakonegi urperatu gabe. Beraz, has gaitezen.


Unibertsitateetan edo bestelako ikerketa zentroetan lan egin duen norbaitekin hitz egin duen orok, seguruenik, entzungo zuen zerbait doktorego-“ikasleen” egoera prekarioaz edo askoren osasun mental kaxkarraz. Izan ere, alokairua ordaintzeko eta egunean hiru otordu egiteko ozta-ozta balio duen soldata baten truke, sarri, lanegun amaiezinak egin behar izaten dira, autoexigentziaren baitan. Hau da, orokorrean, ez dago ikaslea behartzen duen figura autoritario maltzur bat, baina bai presio handia hiru edo lau urteko kontratu batean zehar hainbat publikazio argitaratzeko; halaber, instituzioen burokraziak ez ditu aintzakotzat hartzen ikerketa-prozesuan topa daitezken mila arazoak (esperimentuek huts egin eta errepikatu beharra, izarren behaketa-gau hodeitsuak, eta abar). Horri gehitu behar zaio, batzuetan, tutoreek1 haien ikasleak erabili egiten dituztela eskulan gisa; zenbat artikulu publikatuko ote ziren lanaren ehuneko handiena enegarren posizioan ageri den doktoregai batek eginda!2


Jakina, hori ez da beti horrela; zorionez, tutore prestuak ere badaude. Baina garrantzitsua da ulertzea lan-karga doktoregaiengan iraultzea ez dela ikertzaile gutxi batzuen praxi txarraren ondorio, artikuluak ahalik eta azkarren sortzeko egiturazko joerarena baizik. Ez da nire intentzioa, inondik inora, posizio konkretu batean dauden ikertzaileak demonizatzea, ikerkuntza ogibide edukitzeko diru-funtsak lortzeko etengabe artikuluak produzitzea beharrezkoa dela ikusaraztea baino.


Doktoretza amaitu eta ikerkuntza-munduan jarraitzea erabakitzen duten adoretsu horiek doktoretza osteko kontratuetan, askotan, euren burua burokrazia-espiral baten baitan harrapatuta topatzen dute. Diru-funtsak, jakina, mugatuak (eta sarri, urriak) izan ohi dira, eta konpetentzia, aldiz, basatia. Ez da ezohikoa ikertzaile batek denbora gehiago eskaintzea formularioak betetzeari eta posta elektroniko antzuak bidaltzeari, lantzen ari den ikerketa zientifikoari baino. Horri gehitu behar zaio posizio egonkor bat lortu arte hainbat hiri eta herrialdetan zehar bi edo hiru urteko kontratuak kateatu behar izaten direla. Urrutira joan gabe, EHUn irakasle eta ikertzaileen egonkortze-adina 43 urte ingurukoa da3. Imagina dezakezue zein sanoa izaten den lan-giroa posizio egonkor bakar bat plazaratzen denean ikerketa zentro batean, 40 urteak pasata lau urte baino gehiagoko kontraturik inoiz eduki ez duten lankideen artean. Langileen gaitz hauek, noski, zientziarekiko eta ezagutzarekiko maitasunaren izenean (auto)justifikatu ohi dira.


Zientzialariak haien ibilbidean aurrera egiteko diru-apurren bila borrokan aritzeko, ordea, nonbaitetik etorri behar dira funtsak. Hein handi batean finantzaketa publikotik bizi den sektorean, inbertsio pribatuaren garrantzia ere oso esanguratsua da. Hori oso agerikoa da aplikazio industrial zuzena duten eta, oro har, epe motz-ertainean errentagarriak diren zientziaren adarretan. Horren adibide dira biomedikuntza, energia berriztagarriak, materialen fisika, fotonika eta abar luze bat. Artikulu honen fokotik pixka bat aldentzen bada ere, sutsuki gomendatzen dut Youtuben Veritasium kate ezagunak Monsanto enpresa famazeutikoari buruz argitaratutako bideoa. –Veritasium bera ere ez da logika horietatik libre geratzen; izan ere, Electrify Video Partners inbertsio funtsak duela gutxi Veritasiumen zati maioritario bat erosi zuen, efektiboki katearen kontrola bereganatu zuelarik4


Astrofisikak, orokorrean, aplikazio zuzen zailagoak ditu gure ekoizpen-sisteman: ez da erraza errentagarritasuna ateratzea milioika argi-urtera dauden izar eta galaxietatik. Hala ere, ez dago inondik inora enpresa pribatuen esparrutik aldenduta. Adibidez, lan egiten dudan institutu publikoan, azken urtean, Lockheed Martinen Eguzki-sistemaren ikerkuntza laborategian (LMSAL) lan egiten duten bi ikertzaileren mintegiak gauzatu dira. Enpresa horrek NASAren hainbat proiektutarako tresnak sortu ditu, eta inbertsio handia egin du azken hamarkadetan Eguzki-ekaitzen nondik norakoak ikertzeko, nagusiki plasma-isurketek Lurreko satelite eta, oro har, telekomunikazioetan eduki ditzaketen eraginak direla eta. Portzierto, Lockheed Martin munduko armamentu-enpresa handiena da; irakurlearentzat utziko dut interes horren arrazoia baloratzearen lana.


Bestalde, aurrez deskribatutako testuinguruan sortutako ezagutza komunitate zientifikoan barrena hedatu behar da. Funtzio hori betetzen dutenak aldizkari zientifikoak dira: entitate pribatu gehien bat internazionalak, zeinek peer-to-peer (kidetik kidera) berrikusketak antolatu eta argitarapenak gauzatzen dituzten. Prozesua xaloki azaltzearren: zientzialariek, ikerketa bat amaitzean, artikulu batean biltzen dituzte erabilitako metodologia, lorturiko emaitzak eta ondorioak, aldizkari batera bidaltzeko. Ikerketen zorroztasuna bermatze aldera, adar berean adituak diren hainbat ikertzaileri bidaltzen zaie lehen bertsioa, eta horiek anonimoki zuzenketak, proba gehigarriak eta bestelakoak proposatzen dituzte (baita artikulua errefusatzeko gomendioa eman ere, funts nahikorik ez badu). Zuzenketa-iterazio batzuen ostean, artikulua prozesua koordinatu duen aldizkarian argitaratzen da.


Eta zer esan aldizkari zientifikoez? Gaiak hamaika artikulu idazteko beste mami du. Hasteko, ehunka edo milaka euro ordaindu behar izaten dira ikerketa bakar bat argitaratzeko; zorionez, diru hori orokorrean ez da ikertzaileen soldatatik ateratzen, haien ikerkuntzarako funtsetatik baizik. Ondoren, peer-to-peer berrikusketak egiten dituzten zientzialariek, jakina, ez dute xoxik jasotzen haien lanagatik. Hau “xantaia” moduko baten bidez gauzatzen da: aldizkariak bertan publikatu ohi duen ikertzaile bati bidaltzen dio zuzentzeke dagoen artikulua; honek zuzenketari uko egin diezaioke behin edo bitan, baina gehiagotan ezezkoa emanez gero, aldizkaria arazoak jartzen hasten zaio zientzialariari etorkizuneko artikuluak bertan argitaratzeko. Gehienetan kobratu eta gutxitan ordaintzen duen industria honek 10 mila milioi euro inguru mugitzen ditu urtean5.


Egiari zor, hasieran esan bezala, metodo zientifiko modernoa eta horren aplikazioa gizateriarentzat, esparru askotan, lagungarri izan dira azken mendeetan zehar. Are gehiago, gaur egungo mundua ere ikertzaile trebez josita dago, eta plazaratzen diren lan asko (ez denak, ordea) zorrotz eta baliogarri suertatzen dira.


Amaitzeko, argi utzi nahi nuke hemen esandakoak ez direla zientzia-industriaren gaitz partikularrak. Kontziente naiz lan-adar gehienetan gorpuzten diren problematikak direla asko, forma desberdinetan; ez da nire intentzioa tabernan, ospitalean edo obran haien indarra eta osasuna galtzen dutenengan halako erruki abstrakturik sortzea. Artikulu hau zientzia-industriaren hainbat gaitz mahaigaineratzeko erabili dut, baina kohesio eta ulermen estruktural sendoagoa merezi dute ideia horiek. Izan ere, hortxe dago idatzi honen gakoa: natura ulertzeko eta gizateriaren hobe beharrerako erabiltzeko dugun gaitasuna handituko bada, idealizazioak alde batera utzi eta zientziak ekoizpen-sistema kapitalistaren baitan hartzen duen forma aztertuz izango da.



ree


Amaiera-oharra: Honakoa iritzi artikulu bat da eta, beraz, guztiz pertsonala. Idazlearen ikuspegia islatzen du; taldekide batzuen iritziak kontuan eduki baditu ere, ez da editorial bat inondik inora.



Oin-oharrak:

1: Doktoregaiek tutore edo tesi-zuzendari bat (edo bi) edukitzen dute esleituta, gaian aditua den ikertzaile bat izan ohi da. Pertsona horren lana doktoregaia “gidatzea” da (edo behar luke); “zientzia nola egiten den erakustea”, nahi bada.


2: Artikulu zientifikoetan, “meritua” izenburuan autoreek duten ordenaren arabera banatu ohi da. Horrek etorkizunean garrantzi nabaria du prozesu burokratikoetan.


3: Adin hori hurbilketa bat da, unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen soldata bigarren hezkuntzako irakasleenarekin berdinduz lortua. Hala ere, konsistentea da beste datu batzuekin: 2024an, posizio egonkordun ikertzaileen bataz besteko adina 51’4 urtekoa zen, eta aldi baterako kontratuak zituzten ikertzaileena 38’9 urtekoa.


Egonkortze-adinaren erreferentzia: https://www.ela.eus/es/gizalan/noticias/ela-denuncia-que-el-personal-docente-e-investigador-de-la-upv-ehu-necesita-entre-43-y-45-anos-para-equiparar-su-sueldo-al-del-profesorado-de-secundaria?utm_source=chatgpt.com


Posizio egonkordun eta aldi baterako kontratudunen adina: https://www.ehu.eus/documents/10707338/27238585/PDI_23.01.2025_Rango%2Bedad.pdf/85a51de7-3f98-0ca7-503d-056c685f1c94?t=1738928009852


4: Oraingoz, katearen sortzaile den Derek Mullerrek jarraitzen du bideoak egiten Veritasiumen. Erosketaren erreferentzia:

https://www.electrify.video/post/electrify-completes-majority-investment-in-veritasium?utm_source=chatgpt.com


5: Aldizkari zientifikoek mugitzen duten diru kopuruari buruzko informazioa:

https://www.infodocket.com/2024/04/16/delta-think-total-value-of-scholarly-journals-market/?utm_source=chatgpt.com




Comentarios

Obtuvo 0 de 5 estrellas.
Aún no hay calificaciones

Agrega una calificación
bottom of page