Birus onkolitiko transgenikoak minbizirako tratamendu gisa
- Amaia
- 4 may
- 4 Min. de lectura
XXI. mendeko pandemiak minbizia eta alzheimerra direla diote. Mundu osoan urtero 20 milioi minbizi kasu berri inguru diagnostikatzen dira, eta kasu horietatik 10,3 milioi inguru sendatzen dira¹. Honek esan nahi du kasu guztien erdiak sendatzen direla. Soilik erdiak. Azken bi hamarkadetan minbizia gainditzeko probabilitatea handitu egin da, batez ere diagnostikatzeko teknikak hobetu eta berritu direlako.
Gaixotasun honen aurkako tratamenduen ikerketa munduko ugarienetakoa da. Tratamendu berriak etengabe ateratzen dira. Segur aski kimioterapiari eta erradioterapiari buruz entzun duzu, tipikoenak baitira, baina tratamenduak anitzak eta ugariak dira. Hainbat faktoreren arabera tratamendu bat edo bestea, edo tratamenduen konbinazio desberdinak erabili dira urteetan zehar: terapia hormonala, inmunoterapia edo terapia fotodinamikoa horien beste hiru adibide dira².
Gaur terapia berri bat azaldu nahi dut, bi tratamenduren konbinazioan oinarritzen dena, eta azken bi hamarkadetan oso garrantzitsua bihurtu den tratamendu batetik datorrena: birus onkolitiko transgenikoak.
Lehenik eta behin, zer da minbizia? Zergatik sortzen da? Gure gorputzean milioika zelula ditugu, eta zelula hauek etengabe zatitzen eta hiltzen dira, baina badaude zelula batzuk kontrol gabe zatitzen hasten direnak eta hiltzeko gaitasun normala “galtzen” dutenak, hau da, ez dira beste zelulak bezala hiltzen. Normalean, zelulek mutazio edo alterazioren bat garatzen baldin badute haien heriotza programatzen dute, hazkundea kontrolatu ahal izateko. Prozesu honi apoptosia deritzo. Badaude beste zelula batzuk, aldiz, konpondu ezin diren mutazioak garatzen dituztenak eta hiltzeko gaitasun hori galtzen dutenak (horrek ez du esan nahi hilezkorrak direnik). Azken zelula horiek azkarregi hedatzen direnean minbizi zelulak deritze, eta ehun batean metatzen direnean tumore bat agertzen da³.

Medikuntza arloan “onco-” aurrizkiak, grezieraz “ónkos” hitzetik datorrena, masa edo bolumena esan nahi du. Beraz, birus bat zer den jakinda, birus onkolitikoak defini ditzakegu (transgeniko hitza gerorako utziko dugu): genetikoki manipulatzen diren birusak dira, minbizi zelulak erasotzeko eta hauek hiltzeko, gainerako zelulak mindu gabe. Terapia berri hau 2005. urtean erabili zen lehen aldiz Txinan, eta 2015. urtean AEBetan eta Europan⁵.

Birus onkolitikoen tratamendua naturalki infektaturiko tumore baten gutxitzearen behaketa klinikoetan inspiratu zen⁴. Terapia honen oinarriak hurrengoak dira (ikusi 2. irudia): birus onkolitikoak ez dira zelula osasuntsuetan ugaltzen, bakarrik minbizi zeluletan. Minbizi zelulak suntsitzen dituenean birusa kanpora ateratzen da eta gainerakoak infektatzen jarraitzen du. Honekin tumorearen antigeno mota batzuk ingurunera ateratzen dira eta immunitate-sistemak antigeno hauek antzematen ditu, txertoekin gertatzen den moduan⁵.
Mekanismo hauek izan ditzaketen birusak zenbait ezaugarriren arabera hautatzen dira, baina orokorrean birus onkolitikoak hurrengoak izaten dira (ikusi 3. irudia): Elgorria (Measles virus), Herpes birusa, Vaccinia birusa (Baztangaren txertoan erabilia), Adenobirusak (hotzeriaren, konjuntibitisaren edo neumoniaren eragilea, besteak beste) eta Maraba birusa (intsektuetan dago)⁵. Birus hauen izen batzuek beldurra ematen badute ere, datu klinikoek frogatu dute albo-efektuak gripe txiki baten modukoak direla.

Txinan 2005. urtean erabili zen birusa Adenobirus motakoa da, nasofaringe minbizirako, eta geroztik onartuta dago han. AEBetan eta Europan Herpes birusa onartu zen 2015.urtean melanomaren tratamendurako. Saiakuntza klinikoek frogatu dute birus onkolitikoen tratamenduek emaitza onak eman dituztela, baina ez direla nahikoa tumorea suntsitzeko⁵.
Honek guztiak ingeniaritza genetikoarekin batera tratamendu espezifikoagoak garatzeko aukera ematen digu. Ez naiz genetikaren munduan gehiegi sartuko, batez ere ideia askorik ez daukadalako geneei buruz, baina ulertu behar duguna da, birus onkolitikoak minbizi zelulak erasotzen dituenez, hauek garraiobide oso onak bihurtzen direla gene terapeutikoak haiekin eramateko. Gene hauek minbizi zeluletan kaltea eragiten dute ere, eta honela tratamenduaren eraginkortasuna hobetzen dute. Eta zer dira gene terapeutikoak? Ba kontzeptu oso zabala da, baina gene terapeutiko espezifiko bat soilik interesatzen zaigu gaurkoan: prodroga. “Pro-” aurrizkiak zerbait baino lehen doala esaten digu jada. Hain zuzen, prodroga zerbaitekin aktibatu behar den substantzia bat da. Substantzia hau aktibatzean, bere zeregin farmakologikoa betetzen du.
Iritsi gara orduan “transgeniko” hitzera. Birus onkolitiko transgenikoak minbiziaren aurkako terapia berri bat dira, birus onkolitikoak eta prodroga konbinatzen dituztenak, birusen tratamendua eraginkorragoa eta espezifikoagoa bihurtzeko. Nola? Ba prodrogak, birusaren bidez aktibatzean, birusa hedatzen eta minbizi zelulak hiltzen lagunduko du.
Tratamendu hau erabili ahal izateko hainbat galdera erantzun behar ditugu lehenengo: nola ziurtatu dezakegu pazientearen ongizatea? Zein da tratamendua emateko bide optimoa? Nola optimizatu ditzakegu birus eta prodrogaren dosiak tumorearen aurkako eraginkortasun maximoa lortzeko? Zein da oreka eta sinergia birus eta prodrogaren artean?
Hemen sartzen dira matematikak, simulazioak eta modelizazioa. Guzti hau erantzuteko mekanismo guztiak ondo ulertu eta substantzia desberdinen dinamikak aztertu behar ditugu. Horretarako eredu matematikoak behar ditugu, gure sistemako aldagai guztiak nola aldatzen diren ikusi eta sinergia hori aurkitzeko. Eredu matematiko honen azterketa ez da oraindik egin. Eredua eta dinamikak aztertu ondoren datu esperimentalekin kontrastatu eta eredua balioztatu, iragarpenak egin, optimizazioa lortu eta kantitateak kalkulatu ahal izango ditugu, besteak beste.
Baina hori beste egun baterako utziko dugu. Gaia jarraitu nahi baduzu, adi egon birus onkolitiko transgenikoen hurrengo artikuluari!
Erreferentziak
¹Minbiziaren institutu nazionala: estatistikak https://www.cancer.gov/espanol/cancer/naturaleza/estadisticas
²Minbiziaren institutu nazionala: tratamenduak
https://www.cancer.gov/espanol/cancer/tratamiento/tipos
³Espainiako Medikuntza onkologikoaren sozietatea
https://www.seom.org/informacion-sobre-el-cancer/que-es-el-cancer-y-como-se-desarrolla
⁴E. Kelly, S. J Russell, History of Oncolytic Viruses: Genesis to Genetic Engineering, Molecular Therapy, Volume 15, Issue 4, 2007 https://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S1525001616313314?via%3Dihub
⁵C. E. Engeland. Oncolytic Viruses. Springer New York, New York, NY, 1st ed. 2020.
Comments