Astronomo amateur baten memoriak: 1. atala.
- Patxi
- 11 may
- 8 Min. de lectura
Urteak zeneramatzan teleskopio bat gurasoei eskatzen, Olentzerok inoiz ekarri ez zizulako, eta azkenean 15 urte zenituela, zure urtebetetzean oparitu zizuten bigarren eskuko tramankulu zahar bat. Familia guztia ilusioz beterik joan zineten (zu, behintzat), ea planetak ikusi ahal zenituzten. Gurasoek dena muntatu eta behatzen jarri zineten, baina sekulako ustekabea eraman zenuten… ilargi betea zen eta hodei bat ikusten zenuten zuengana hurbiltzen. Eta gutxi balitz, nahiz eta mendi puntara igo, hiriko argiek oztopatzen zintuzten. Baina zuk Jupiterren ilargiak ikusi nahi zenituen. Ez zenuen amore eman nahi. <<Lasai, igaroko da hodei handi hori >> moduko esaldiekin animatzen ari zinen familia, baina ez zenuen ideiarik ere. Azkenean, 4 orduz zerbait ikusten saiatzen egon eta gero, etxera bueltatzea erabaki zenuten, hotzez hilda, eta teleskopioa garajean laga zenuten. Ez zineten inoiz behaketarik egitera bueltatu.
Orain 25 urte dituzu, astronomiako gaiek irrikatzen zaituzte, eta momentu batean “Oraindik egongo al da teleskopioa garajean?” pentsatu duzu. Begiratzera joan zara eta orain dela 10 urte laga zenuen posizio berean dago, eta aukera bat eman nahi diozu. Baina “Egun ona da behatzeko? Zein tresna behar ditut? Nora begiratu behar dut? Zer ikus dezaket?” moduko galderekin hasi zara.
Bada, galdera horiei eta beste ohiko galdera batzuei erantzuteko, sarrera gisa eta modu oso errazean, hemen “behaketa gau amateur batentzat” kontuan hartu beharreko oinarrizko gomendio batzuk. Bazatoz?

1. Galdera. Egun ona da behatzeko?
Gau guztiak ez dira berdinak. Nahiz eta iluntasun berdina izan askotan ez gara gai atzo ikusten genituen objektuak ikusteko, izan hodei geruza fin bategatik, izan hezetasunak sortutako lanbroagatik, edota zure teleskopioko ispilu batean zikinkeria pilatu delako. Hala ere, kasu gehienetan, atmosfera izan ohi da errudun nagusia.
Lurraren atmosfera etengabe bibratzen dagoen ingurune jarraitu eta fluidoa izateak, batez ere beheko kapetan, objektu astronomikoek dir-dir egitea dakar. Baina, nahiz eta zeru ikaragarri ona izan, objektu batzuek distiratzen dute eta beste batzuek ez hainbeste. Eta hemen sartzen da lehenengo galdera mitikoa: zergatik ikusten dituzu izarrak dir-dir egiten baina planetak ez? Bada, nik hau galdetzen dizut: izarrak dir-dir egiten ikusiko zenituzke Martetik?
Izarrak dir-dir egiten ikusiko zenituzke Martetik?
Pentsa ezazu zure hiriko tabernan zaudela parrandan: argi gutxi, tabakoaren kea, tabernako ausazko argiak eta jendez lepo. Kaos horren baitan zure kuadrilako bi lagun, Lur eta Vega , zure bila dabiltzala ohartu zara, iluntasun horretan murgilduta linterna baten laguntzaz.
Urrun dagoen Vega lagunaren linterna ñir-ñir egiten ikusten duzu, agertzen eta desagertzen
da. Baina hainbeste jende dabil erditik pasatzen, ez dakizula argi hori tabernako argi baten
islada bat edo zure laguna den. Zeruko disdirekin konparatuz gero, zure lagun Vega,
izarra izango litzateke. Bestetik, barra ondoan zugandik gertu dagoen Lurren linterna askoz
argiago eta konstanteago antzematen duzu, nahiz eta jendea erditik igaro. Era berean,
zeruko disdirekin alderatuz, zure gertuko laguna, Lur, planeta da.
Jai-giroko eszena honek ondo adierazten du azaldu nahi dena. Gure atmosfera airez osatutako geruza desberdinez osatzen da, tenperatura eta dentsitate desberdinekin, eta mugimendu etengabean dago. Izar baten argi-izpi bat geruza hauetatik igarotzean bere ibilbidea desbideratzen da, uneoro, segundu bakoitzeko.

Horrek badu bere azalpen teknikoa: izarrak hain daude urrun (argi-urtetara¹), puntu bat moduan ikusten direla, hau da, inolako tamaina nabarmenik gabe. Orduan, izarraren argi guztia zeruko zulo txiki batetik igarotzen da soilik, eta edozein aldaketa txiki, oso txikia izanagatik ere, segituan antzematen duzu. Planetak, aldiz, milioika kilometrotara bakarrik aurkitzen dira, eta nahiz eta zuk begibistaz ez dituzun disko moduan ikusten, behaketa-eremu (Field of View, ingelesez) bat okupatzen dute; zeruan azalera bat, alegia. Hortaz, zerutik sartzen den planetaren argi-sorta, urrun dauden izarrena baino lodiagoa da. Horrela, nahiz eta atmosferako turbulentziak igaro, gure begiak distortsio horien batez bestekoa egiten du konturatu gabe, eta distortsioak konpentsatzen dira. Optikan, prozesu hau ‘batez beste optiko’ gisa ezagutzen da.
Laburbilduz, tabernako beste puntan dagoen lagunaren argia dir-dir egiten ikusiko duzu oso urrun egoteak argia modu puntualean ikustera behartzen zaituelako eta edozein interakziok asko eragiten diolako. Eta, gertuen dagoen lagunarena, aldiz, hobeto ikusiko duzu gertu egoteak behaketa-eremu zabalago bat okupatzea ahalbidetzen diolako eta gure begiak batez bestekoa egiten duelako turbulentzia horiek sortutako distortsioekin.
Eta, Martetik zer? Martetik ez genituzke izarrak dir-dir egiten ikusiko. Marteren atmosferak Lurraren %1eko dentsitatea du eta, gainera, ez dauzka Lurraren atmosferak dituen aldaketa termiko bortitzak. Ondorioz, ez dira Lur planetako turbulentzia egoera berdinak gertatzen, eta izarrak puntu finko moduan ikusiko genituzke, disdira konstante batekin, inolako kliskarik gabe.
Orduan, Lurraren atmosferak sekulako eragina duela argi lagata, nola baloratu zenbaterainoko kalitatearekin ikus daiteken zerua gau bakoitzean?
Plangintza atmosferikoa

Kontuan hartu beharreko faktorerik garrantzitsuena zeruaren iluntasuna da, batik bat zenbaterainoko argitasuna ikusteko gai izango garen finkatzeko. Gau ilun ideal batean (ilargirik gabe, kontaminazio luminikorik gabe, hodeiz libre eta begia iluntasunera guztiz egokituta) giza-begi batek detekta dezakeen itxurazko magnitudea² +6.5ekoa da (Andromeda galaxiaren disdira, gutxi gorabehera), eta honek 8000 izarretik gora ikustea ahalbidetzen du. Baina, izarren erdiak zeruertzetik behera aurkitzen direnez uneoro, 3000 izar inguru ikus daitezke hemisferio bakoitzetik. Hau kasurik onenean, baina badaude ikusten ez diren zeruaren gardentasunarekin lotutako faktoreak: hezetasuna, hauts partikulen tamaina edota hodei altuak. Orduan, bi aukera daude: Dark Sky Meter, Light Pollution Map edo Clear Outside moduko tresnak erabiltzea, edo teknika klasikoak erabiltzea.
Bigarrena aukeratuz gero, 3. irudia erabiliko dugu erreferentzia gisa; Hartz Txikia konstelazioa, alegia. Finkatu zein den konstelazioan begibistaz ikus dezakezun izarrik ahulena, eta identifikatu 3. irudiko zein izar den. Ikus dezakezun izarrik ahulenak zenbaki baxua badu, honek iradokitzen du ez dela behatzeko gaurik onena, ez baitzara objektu ahulak antzemateko kapaz. Bestetik, itxurazko magnitudean zenbaki handia duen izarren bat ikusteko gai bazara, intentsitate baxuko objektuak ikusteko gai izango zara gaueko zeruaren egoera oso ona baita. Funtsean, zenbaki handiek distira txikia adierazten dutelako eta zenbaki txikiek, berriz, distira handia.
Bigarren kontu garrantzitsua seeing propietatea da. Teleskopio bat erabiltzen gaudenean, atmosferaren estabilitatea finkatzen duena da; izan ere, propietate honek ez du zerikusirik hodeiekin, airearen mugimenduarekin baizik. Egoera idealetan izar bat puntu zirkular oso definitu gisa ikusiko genuke, bere inguruan difrakzioak sortutako Airyren diskoa ikusiko dugularik³. Hau da, puntu enfokatu bat inguruan eraztun zentrokide batzuekin (ikus 4. irudiko V patroia). Hori jakinda, 1etik 5erako (zenbaki erromatarretan) eskala bisual bat erabiltzen da erreferentzia lagungarri gisa, 4. irudian ikus daitekeena.

Azkenik, kontuan izan behaketak horizontera begira eginez gero argiak zenitera (zeruko puntu altuenera) begira egindako behaketetan baino 5 aldiz aire-masa gehiago igaro behar duela. Ondorioz, seeing faktorea eta zeruaren gardentasuna askoz okerragoak dira. Labur esanda, horizontetik begira iristen zaizun argiak atmosfera gehiago igaro behar du, eta ondorioz dispertsio gehiago jasaten du.
Eta Ilargia? Ilargia ere kontuan hartu behar da, beharbada zuk ikusi nahi duzun objektua ilargitik oso gertu igarotzen baita, eta Ilargi Betea egonez gero, ez duzu ezer ikusiko. Horretarako ING (Isaac Newton Group) taldeak eskaintzen duen STARALT tresna izan ohi da erabiliena: behaketa eguna, tokia eta ikusi nahi duzun objektuaren koordenatu-ekuatorialak⁴ sartuz gero ilargiak ikusi nahi den objektuaren behaketan oztopatuko zaituen edo ez esango dizu. Adibide gisa, ikus 5. eta 6. irudiak.


2. Galdera. Zergatik erabiltzen da argi gorria behaketetan?
Nola irakurriko dut gauean ikusi nahi ditudan objektuen zerrenda argi gabe? Bada, hemen sartzen da behaketako beste puntu garrantzitsu bat: argi gorria.
Gure begiak bi zelula printzipalez osatzen dira: konoak eta bastoiak. Konoek argi distiratsuarekin funtzionatzen dute, eta kolore eta xehetasunak gailentzen dituzte. Bastoiek, berriz, intentsitate ahuleko argiak detektatzeko gaitasuna dute, baina soilik txuri-beltzean. Gainera, bastoietan rodopsina izeneko proteina fotosentsible bat aurkitzen da (púrpura visual ere deitua) eta proteina hau aktibo egoteak lagatzen digu argi gutxirekin ikusten.
Ingurune ilun batean sartzean zure bastoiek denbora pixka bat behar dute aktibatzeko, 20-30 minutu gutxi gorabehera, eta denbora horri deritzo iluntasunerako adaptazioa. Denbora tarte horretan geroz eta izar gehiago ikusten dituzu, geroz eta intentsitate baxuagoko objektuen argiak ikusteko gai zarelako. Baina, mobileko linterna piztu duzu… eta ez duzu orain dela bi segunduko zeru berbera ikusten. Zure begiak berrabiarazi dituzu. Nola da posible?
Gure begiak oso mekanismo garatuak ditu adaptaziorako, eta horien artean aurkitzen da Bisio Fotopikoa. Labur esanda, linternako argi intentsoak konoak estimulatzen ditu modu oso bortitzean (batez ere argi urdin eta berdean) eta bastoiak desaktibatzen ditu ez direlako erabilgarriak. Ondorioz, begi-pupila kontraitzen da eta argi gutxiago sartzen da begitik. Zure begiak ‘gau modu’-tik ‘eguneko modu’-ra igaro dira kolpe batez.

Orduan, nola jokatzen dute zure begiek? Argi-izpi bat begitik sartzean bastoi zelulako rodopsinak deskonposatzen dira, eta honen bidez mezu bat helarazten zaio garunari: ‘ARGIA TOPATU DUGU!’. Hala ere, honen ostean, 20-30 minutu behar ditu berpizteko.
Ondo ulertzeko, imaginatu zure amak ohea egiteko esaten dizula sofan botata zaudenean. Informazioa jaso duzu, baina 20-30 minutu behar dituzu sofatik altxatzeko eta ekintza gauzatzeko.
Eta konponbiderik? Bada, esan dizudan moduan, begia kolore urdin eta berdearekiko da bereziki sentsiblea, eta kolore hauek dira bastoiak deskonposatzearen errudun nagusiak. Argi gorriarekin, aldiz, bastoiek aktibo jarrai dezakete inolako reset-ik gabe.
Hau ulertuta, beste galdera mitiko bat planteatzen dizut: zergatik galaxia bat zuzenean begiratzean ez duzu antzematen, baina zeharka begiratzean bai? Zure begiko parte zentrala kono zelulaz beteta dagoelako, eta erretinaren zona periferikoa bastoiz beteta. Orduan, intentsitate baxuko objektu bat zuzenean begiratzean (galaxia bat, adibidez) konoak erabiltzen dituzu batik bat. Baina konoek intentsitate askorik jasotzen ez dutenez, ez dute ondo funtzionatzen; baina zeharka begiratuz gero, bastoiek lan egiten dute, eta gai dira intentsitate baxuko objektuak ondo antzemateko. Honela detekta ditzakezu galaxiak begibistaz.
Pentsatzeko galdera batzuk
Azken atal hau galdera batzuk mahaigeratzeko erabili nahiko nuke, hurrengo artikuluetan jorratuko diren gaiak izango direlako, eta bide batez ea erantzuteko gai zareten!
Zerren inguruan biratzen dute izarrek? Eta galaxiek? Zein da unibertsoko estrukturarik handiena? Nola bilatu iparra Hartz Handi konstelazioa ez dagoenean? Nola funtzionatzen dute munduko teleskopio handienek? Eta, zein informazio biltzen dute? Zein objektu ikus ditzaket etxeko teleskopioarekin? Eta, zergatik ezin ditut 8 eta 9 irudiak lortu nire teleskopioa erabiliz gero?


Bada, galdera hauek eta zertxobait gehiago hurrengo artikuluetan. Ez galdu!
Orri-oinak
¹Argi-urte bat 9.461· 10¹² km dira. Argiak urte lurtar batean egiten duen distantzia definitzen du.
²Itxurazko magnitude deritzo objektu baten distiraren intentsitateari Lurretik begiratzen dugunean. Geroz eta magnitude handiagoa, orduan eta ahulagoa da haren intentsitatea.
³Difrakzioa argiak duen limitazio fisiko bat da, ez teleskopioarena. Irekiera txiki batetik (teleskopioaren ispilu edo lente batetik, adibidez) igarotzean sortzen den fenomeno bat da, non argia puntu batean enfokatu ordez dispertsatzen den. Irekiera zirkularren kasuan Airy-ren diskoa deritzon patroia sortzen da, eta oso ondo ikusten da 4. irudiko V patroian.
⁴Koordinatu-ekuatorial Ascención Recta (RA) eta Declinación (DEC) koordenatuetan oinarritzen den erreferentzia sistemari deritzo. Funtsean Lurreko Ekuatorea zeruan proiektatzen duten koordenatuak dira.
oso oso interesgarria, Patxi!